Aurkezpena

BerbaTek hiru urterako (2009-2011) ikerketa estrategikoko proiektu bat da, eta Elhuyar Fundazioak, EHUko Ixa eta Aholab ikerketa-taldeek, Vicomtech teknologia-zentroak eta Tecnalia Research & Innovation fundazioak osatzen dute proiektu hori gauzatzeko partzuergoa. Eusko Jaurlaritzako Industria eta Kultura sailek finantzatzen dute BerbaTek proiektuaren aurrekontuaren zati bat.

BerbaTek proiektuaren helburu nagusia da hizkuntza-, ahots- eta multimedia-teknologiak garatzea, itzulpenaren, irakaskuntzaren eta edukien sektoreek osatzen duten hizkuntzen industriaren sektore ekonomikoaren euskarri teknologiko izateko, industria horrek teknologia aurreratuak behar baititu eskura ingurune globalizatu, interkonektatu eta eleaniztun honetan lehiakor izateko.

Teknologia horietako ikerketaz gain, beste helburu hauek ditu BerbaTekek:

  • Beste urrats handi bat egitea hizkuntzen industria sendotzeko, emaitzak eta gailuak benetako merkatu-eszenatokietan (etxea, elektronika eta industria) txertatuz produktuen merkaturatzea bideragarria izan dadin.
  • Proiektuaren emaitzak abiapuntu hartuta oinarri teknologikoko enpresa berriak sortzea, eta lehendik daudenak sendotzea.
  • Jakintza eta masa kritiko kualifikatua sortzea ildo estrategiko honetako I+G+Baren etorkizunari era autonomoan aurre egin ahal izateko.Horretarako, prestakuntza-ikastaroak, graduondoko masterrak, mintegi espezializatuak eta doktorego-ikastaroak antolatuko dira hizkuntza-teknologiaren alorrean.

Helburu horiek lortzeko, hizkuntzen industriako enpresa askorekin lehentasunezko harremanak izateaz gain, beharrezko masa kritikoa eta nazioarteko ospea duen zientzialari- eta ikertzaile-komunitate bat dute BerbaTek proiektua osatzen duten kideek.

BerbaTek proiektua aplikazioei begira jarrita dago.Oinarrizko ikerketa bazter utzi gabe, aplikazio esperimentalak aurkezten saiatuko da, geroago itzulpenen, irakaskuntzaren edo edukien alorretan diharduten enpresek garatu eta produktu bihur ditzaten. Nolanahi ere, garrantzi handiko ikerketa-lerroak, oinarrizkoak zein aplikatuak, zabaltzen ditu aplikazioei eta bideragarritasun-probei begirako ikerkuntzak.

BerbaTek eskema

Hizkuntza-, ahots- eta multimedia-teknologien alorrean jakintza sortzearen garrantzia erabilera-aukeretan dago, batez ere, hizkuntzen industrian.

  • Itzulpena:interpretazioa, bikoizketa, lokalizazioa, giza itzulpena.
  • Edukien industria:Internet, ikus-entzunezkoen sektorea, multimedia, off eta on line edizioa...
  • Prestakuntza:hizkuntzen ikaskuntza, hezkuntza teknikoa eta profesionala, etengabeko ikaskuntza, zientzia-dibulgazioa, prozesu kiritikoen simulazioa eta abar.

Baina beste sektore industrial askotan ere erabil daiteke; esate baterako, hauetan:

  • Telekomunikazioak: ahotsa, mezularitza, ahots eta datuen integrazioa.
  • Telesalmenta eta telelaguntza: merkataritza elektronikoa, dei-zentroak, saldu ondoko zerbitzua, telebanka eta telekomunikazio-sare bidezko negozio-era guztiak.
  • Negozio-prozesuak: informazio korporatiboak ezagutzea, editatzea, lokalizatzea eta lotzea. Bulegotika automatikoa.
  • Elementu interaktiboak: kontrol-, nabigazio- eta gobernu-sistema, sistema globalentzat zein etxeko gailu eta produktu txikientzat, baita sistema domotikoentzat ere.
  • Aisialdia eta entretenimendua: jokoak, ipuin informatizatuak, abentura eta bidaia birtualak eta abar.
  • Administrazio publikoa: herritarrentzako arreta (eGobernua).

Bestalde, BerbaTek proiektuak, hizkuntzen industriaren sektore ekonomikoa osatzen duten alor guztiak barne hartzen dituen lehenengoa denez, sektorea egituratzen lagunduko du.Hizkuntzaren teknologien garapena lagungarri izango da, halaber, era guztietako euskal enpresen globalizazio-prozesuan, eszenatoki eleaniztunerako jauzia segurtasun handiagoz egiteko, itzulpena eta hizkuntzen irakaskuntza funtsezko faktore bihurtu baitira. Euskadi komunitate eleaniztuna izateak know-how eta proba-banku ezin hobea eskaintzen ditu hizkuntza-teknologien zein hizkuntzen industria garatzeko, eta abiapuntu ona da Euskadi erreferentziako herrialde gisa kokatzeko hizkuntzaren eta ahotsaren teknologiei dagokienez.