Demoak - Edukiak

Zientzia- eta teknologia-edukiei buruzko bilatzaile semantiko multimedia

Edukien arloan hizkuntza-teknologiek egin dezaketen ekarpenaren frogagarri, zientzia eta teknologiako bilatzaile semantiko multimedia bat egin dugu. Bilatzaile horrek Elhuyarrek eta IXA Taldeak eraikitako zientzia eta teknologiako WNTerm ontologia espezializatua du oinarri (zientzia eta teknologiaren alorreko kontzeptuak semantikoki erlazionatuta ageri diren sare bat, azpiklaseekin, sinonimoekin eta abar), eta Elhuyarren edukiaren gainean (Elhuyar aldizkariko irudi eta testuak, Teknopolis telebista-programako bideoak eta Norteko Ferrokarrilla irratsaioko audioak) funtzionatzen du. Tecnaliak garatutako teknologiaren bidez, termino bat bilatzen denean, ontologiaren bidez termino horren sinonimoak, azpiklaseak edo superklaseak dituzten edukiak ere bila daitezke. Gainera, emaitza irudi bat denean, antzeko irudiak ere ematen ditu, Vicomtech-IK4ren teknologia erabiliz.

Bilatzaile semantikoaren demoaren helbidea: http://bilatzailesemantikoa.berbatek.com

Zientzia- eta teknologia-edukien bilaketan antzekotasun semantikoan oinarritutako dokumentu-berreskuratzailea

Goian aipatutako Elhuyarko edukiaren gainean bilaketa semantikoaren ahalmena erakusten duen beste demo bat egin dugu IXAren teknologia baliatuz. Kontsulta-terminoak emanda, bilatzaile hau ez da mugatzen dokumentuetako hitzen gaineko bilaketa egitera. Maiz gertatzen da bilaketa-terminoen eta testuko hitzen artean erabateko parekatzerik ez egotea, kontzeptuak adierazteko aukeratu den lexikoa desberdina delako. Arazo hori tratatzeko antzekotasun semantikoa ustiatzen du bilatzaile honek. Horri esker, berreskuratzen diren dokumentu batzuetan ez dira ageri bilaketa-terminoak beren horretan, nahiz esanahiari erreparatuta adierazgarriak diren kontsultarekiko.

Dokumentu-berreskuratzailearen demoa: http://ixa2.si.ehu.es/BerbatekDemo/bilatu