Hizkuntzen industria

Informazioaren, globalizazioaren eta eleaniztasunaren gizartea

Informazioaren gizartean murgildurik bizi gara gaur. Globalizazioak, IKTek eta, batez ere, Internetek egundoko informazio pila jarri dute gizartearen esku. Testu eran bakarrik ez; gero eta gehiago, audio, bideo eta irudi eran eta beste era batzuetan ere badago informazioa. Informazio hori guztia egoki interpretatzea eta erabiltzea funtsezkoa da lehiakortasunari eusteko eta testuinguru berri horretan arrakastaz bizirauteko. Premia berri horrek hizkuntzen garrantzia azaleratu du, informazio horren euskarria hizkuntza naturala delako nagusiki. Horrela, bada, ekonomiak, informazioak, ezagutzak eta hizkuntzek gero eta lotura handiagoa dute elkarrekin.

Egungo ingurune globalizatuan, informazioa eleaniztuna da. Ingurune globalizatu horretan ingelesa lingua franca gisa gero eta gehiago erabiltzen dela eta, pentsatzekoa da gainerako hizkuntzak garrantzia galduz joango direla, baina datu askok erakusten dute hori ez dela horrela.

  • Interneten presentzia handiena duen hizkuntza ingelesa izan arren, ez da, ezta gutxiago ere, hazkunde handiena izan duena azken hamarkada honetan. Aitzitik, txinerak edo errusierak, adibidez, 10 aldiz biderkatu dute beren presentzia. Horregatik guztiagatik, ingelesa pisu erlatiboa galtzen ari da sarean, beste hizkuntza batzuk sartzen ari diren heinean.
  • Bertako biztanle guztiek ama-hizkuntzaz gain beste bi hizkuntza menderatzea da Europako Batasunaren epe luzeko helburuetako bat.
  • Zortzi herrialdetako 2.400 pertsonako lagin bat oinarri hartuta egindako “Can’t read, won’t buy” ikerlanaren emaitzek agerian jarri dute informazioa norberaren hizkuntzan ematea garrantzitsua dela Interneten saltzeko.
    • Produktu finantzarioak, autoak, bidaiak edo produktu elektronikoak erosteko orduan, %80rentzat baino gehiagorentzat garrantzitsua edo oso garrantzitsua da informazioa bere hizkuntzan izatea. Kontsumigarrien kasuan, %60tik gorakoa da portzentajea.
    • Horrez gain, %52k diote informazioa bere hizkuntzan ematen dieten on line dendetan soilik erosten dutela, eta %72k, errazago erosten dutela informazioa beren hizkuntzan jasotzen dutenean.
    • Galdetutako pertsonen %56k diote hizkuntzari prezioari baino garrantzi handiagoa ematen diotela.
    • Azterlan beraren arabera, bere hizkuntzan dauden orrialdeak arakatzen ingelesezkoak arakatzen baino denbora gehiago ematen du jendearen %72k, baita ingelesa ongi menderatzen badute ere.
  • International Organization for Migration - Migraziorako Nazioarteko Erakundearen arabera, munduan 200 miloi migratzaile daude; hau da, munduko populazioaren %3. Eta espero da migrazioaren saldoa positiboa izatea Europa mailan 2015erako populazioa haztea eragingo duen faktore bakarra.
  • Gero eta hizkuntza ofizial gehiago daude Europako Batasunean (23 dira gaur egun).
  • Unibertsitarioak ere gero eta gehiago mugitzen dira herrialde batetik bestera

Beraz, epe luzera informazioak eleaniztuna izaten jarraitzea espero da oraindik. Eta, informazio horri tratamendu egokia emateko, ezinbestez tratatu behar dira ongi, halaber, informazioa emateko erabilitako hizkuntza horiek guztiak.

Hizkuntzen industria

Hizkuntzen industriak barne hartzen dituen sektoreak hauek dira:

  • Itzulpengintza. Besteak beste zerbitzu hauek ematen dituzten enpresak:
    • Itzulpenak
    • Lokalizazioa
    • Interpretazioa
    • Bikoizketa
    • ...
  • Edukiak. Era bateko edo besteko edukiak sortzen dituzten enpresak eta zerbitzuak:
    • Terminologia eta lexikografia
    • Argitaletxeak
    • Hedabideak
    • ...
  • Irakaskuntza. Irakaskuntzarekin eta hizkuntzekin nolabaiteko lotura duten erakunde eta enpresak sartzen dira multzo honetan; esaterako, hauek:
    • Hizkuntzen irakaskuntza
    • Irakaskuntza arautua
    • Master eta doktoretzak
    • ...

Hizkuntzen industriaren egoera

Itzulpengintzan, irakaskuntzan eta edukietan diharduten enpresek osatutako hizkuntzen industria gero eta garrantzi handiagoa hartzen ari da mundu osoan; batez ere, informazio asko eta asko dagoelako eskura Interneti esker hainbat hizkuntzatan, eta, globalizazioaren eta migrazio-mugimenduen ondorioz, premia berriak sortzen ari direlako.

Ez da erraza jakitea zer pisu duen hizkuntzen industriak mundu mailan. Datu orokorrik ez dago, baina zenbait datu sektorialek balio dute joeren adierazletzat:

  • Mundu mailan:
    • Hizkuntza-teknologien merkatuak 1,4 bilioi euro mugitu zituen 2003an.
    • Itzulpenen merkatuaren urteko hazkundea %10ekoa da.
  • Hizkuntzen industrian nagusi den herrialdeetako batean, Kanadan:
    • Hizkuntzen industria (hizkuntza-teknologiak kanpo utzita) BPGaren %0,2ra iritsi zen 2004an, 51.700 lanposturekin eta 2.700 milioi dolar fakturatuta.
  • Europan:
    • 300 enpresa zeuden 2003an hizkuntza-teknologiaren inguruan.
    • Itzulpenaren merkatua 14.000 milioi eurokoa da, eta 190.000 itzultzaile profesional daude.
  • Espainian:
    • OESI (Oficina del Español en la Sociedad de la Información) bulegoaren datu-basean, 88 ikerketa-talde eta 72 enpresa daude hizkuntzaren teknologien alorrean.
    • Gaur egun, 700 itzulpen-enpresa (%75, ETEak) eta 4.000 free-lance daude. 2004an 247 milioi euro fakturatu zituzten, %6ko urteko hazkundearekin.
  • EAEn:
    • Euskalduntze/alfabetatzearen azpisektorean, 2005-2006 ikasturtean, 27.000 ikasle zeuden 64 euskaltegi homologatutan, eta 31 milioi euro mugitu zituzten.
    • Itzulpenen sektoreak 25 milioi euro fakturatu zituen 2005ean, hau da, BPGaren 0,043. Itzultzaileen %53k sektore publikoan dihardu, eta %47k sektore pribatua. Azken horietatik %58 langile autonomoak dira.

Argi dago aintzat hartzeko moduko sektore ekonomikoa dela hizkuntzen eta hizkuntza-teknologien industria.

Hizkuntzen industriaren etorkizuna

Aurreikusten da hizkuntzen eta hizkuntza-teknologien industriak oraindik garrantzi handiagoa hartuko dutela etorkizunean Europa mailan zein estatu edo eskualde mailan, ondoren aztertuko ditugun alderdietan ikusten den bezala.

Europako Batasunak eskatuta, Euromap proiektua garatu zen hamarkadaren hasieran, helburu bikoitzarekin: hizkuntzaren teknologien egoera deskribatzea eta sektorearen egoera eta etorkizuneneko aukerak aztertzea. 2003an argitaratu zen txostenean jasotako emaitzak hauek dira:

  • Hizkuntza-teknologiak giltzarri izango dira IKTen ondorengo belaunaldian. Eleaniztuna izateak onura dakarkio Europari alde horretatik.
  • Hizkuntzaren teknologien sektorea indartzea oso garrantzitsua izan liteke Europako IKTen sektorea sendotzeko.
  • Merkatuaren ikuspegitik, hizkuntzaren teknologien merkatua txikia da, baina ahalmen handikoa.
  • Finantziazio publikoa oso handia izan da hizkuntzaren teknologien sektorean. Finantziazio pribatua, aldiz, txikia izan da, ahots-teknologiei dagokienez izan ezik.
  • Alemania, Britainia Handia eta Herbehereak dira buru, baina beste batzuk ere ez dira atzean geratzen, Espainia kasu. Finantziazio nazionala funtsezkoa izan da estatu aitzindarietan.
  • Hizkuntzaren teknologien alorreko ikerketa- eta garapen-prozesua luzea eta konplexua da, eta administrazio publikoaren laguntzaren premia du. Finantziazioak EBtik eta estatuetatik etorri behar du.
  • Hizkuntzaren teknologien agentzia sortzea proposatzen da.

Europako industrien eleaniztasunaren kudeaketari buruz EBk egindako ELAN azterketaren lau puntu hauek ere nabarmendu behar dira:

  • Komunikazio-estrategia eleaniztuna dute enpresen %50k.
  • Ingelesa ez da lingua franca bakarra. Hizkuntza nagusia aldatu egiten da geografia-eremuaren arabera. Horrez gain, herrialde desberdinetako enpresen arteko lehenengo harremana ingelesez gauzatzen bada ere, harreman iraunkorragoetan oso kontuan hartzen dira bestearen hizkuntza eta kultura.
  • Enpresa esportatzaileen hizkuntza-kudeaketa lau parametro hauen inguruan mugitzen da: komunikazio-estrategia eleaniztuna, beste herrialdeko langileak kontratatzea, hizkuntza-gaitasundun langileak kontratatzea, eta itzultzaileak eta interpreteak baliatzea.
  • Enpresen %20k itzulpen automatikoa edo beste mota bateko teknologia linguistikoak erabiltzen dituzte eleaniztasuna kudeatzeko.

Espainiar Estatuari dagokionez, Cervantes Institutuaren tutoretzapean diharduen Oficina del Español en la Sociedad de la Información (OESI) bulegoa sortu du administrazioak. Dokumentazio- eta informazio zentro horren helburuak hauek dira:

  • Hizkuntzaren teknologien sektorearen hazkundea sustatzea gaztelaniarentzat, eta, hala, zientzia- eta enpresa-lana sendotzea alor horretan.
  • Erabiltzaile potentzialei hizkuntza-teknologietan oinarritutako tresnen abantailak, erabilerak eta funtzioak ezagutzera ematea.
  • Zerbitzu hauek ematea:
    • Itzulpen automatikoa
    • DILE: hizkuntza-teknologien sektoreko espainiar agenteen datu-basea.
    • Berriak
    • Agenda
    • Hizkuntzaren teknologien alorreko tresnen katalogoa

Horrez gain, Ikerketa Zientifikoaren, Garapenaren eta Berrikuntza Teknologikoaren Plan Nazionalean (2008-2011), telekomunikazioen eta informazioaren gizartearen alorreko ekintza estrategikoan, ekintza-lerro hau aipatzen da:

  • 1. lerroa. Telekomunikazioen eta informazioaren gizarteko produktu eta sistema berriak sortzen dituzten gai-eremuak: Azpilerroak. Teknologia informatikoak: goi-prestazioko sistemetarako arkitekturak, interfaze multimodal aurreratuak, sistema txertatu eta banatuak, softwarearen ingeniaritza eta informazioaren kudeaketa, sistema adimendunak, software librea eta kode irekia, giza hizkuntza prozesatzeko teknologiak.

Hizkuntzen industriaren sektoreak etorkizun oparoa eta hazteko aukera handiak dituela pentsarazten digute adierazle horiek guztiek.

Hizkuntzen industria Euskal Herrian

Hortaz, argi dago hizkuntzen industria etorkizun handiko sektorea dela (nahiz eta orain arte, eta nagusiki Euskal Herrian, ez diren egituratu edo aintzat hartu sektore ekonomiko gisara, batez ere horietako batzuk sektore ekonomikotzat baino gehiago sektore kulturaltzat jo izan direlako). Eta badaude arrazoiak pentsatzeko Euskal Herriaren ekonomiari ekarpen handia egin diezaiokeela. Hona arrazoietako batzuk:

  • Komunitate gutxienez hirueleduna (euskara, gaztelania eta frantsesa).
  • Gizartearen jarrera proaktiboa hizkuntzekiko eta hizkuntza-aniztasunarekiko.
  • Botere publikoen laguntza: EBPN, ZTBP 2010, EIGP 2010, Gipuzkoa 2.0...
  • Itzulpenen eta hizkuntzen irakaskuntzaren alorrean prestatutako enpresa- eta profesional-kopuru adierazgarria.
  • I+G+Bko tradizioa hizkuntza-teknologien alorrean.
  • Sektorea sendotzeko jarrera EBren eta estatuko administrazioaren aldetik.
  • Hizkuntza-aniztasunaren aldeko aldarrikapen orokorra.
  • EKTak eta globalizazioa
  • Euskal enpresen nazioartekotzea
  • Innobasquek sustatutako giro soziala.
  • Prestakuntza beharra hizkuntza-normalkuntza dela eta.

Hizkuntza-, ahots- eta multimedia-teknologiak

Nolanahi ere, globalizazioa eta Internet direla eta, desafio gero eta handiagoei aurre egin behar die hizkuntzen industriaren sektoreak; besteak beste, hauei:

  • Distantzia fisikoa dagoeneko oztopo ez duten eragile berrien lehia.
  • Prozesatzeko informazio-kantitate gero eta handiagoa.
  • Inguruneko hizkuntza-kopuru gero eta handiagoa.
  • Merkatu berrietara zabaltzea.

Desafio horiei modu egokian aurre egiteko, gero eta beharrezkoagoa da informazioaren eta, beraz, hizkuntzen, tratamendu automatikoa txertatzea. Horretarako, hizkuntza-, ahots- eta multimedia-teknologiak garatu behar dira nahitaez.

Horren etorkizun handia duen hizkuntzen industriaren alorrean oinarri teknologiko hobea eta optimizazio- eta teknifikazio-aukera handiagoak izatea ekarriko du BerbaTek proiektuan proposatzen den hizkuntza-, ahots- eta multimedia-teknologien garapenak. Ingurune globalizatu, elkarlotu, ezin informatuago eta eleaniztun berrian hobeto kokatzen lagunduko dio, dudarik gabe, lehen aipatutako teknologia horien garapenak hizkuntzen industriari. Horrez gain, Euskal Herriaren eleaniztasun-tradizioa egoki baliatuz gero, hizkuntzaren teknologien euskal sektorea erreferente bilaka liteke Europan edo mundu mailan.

Bibliografia